XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Konstituzio-ereduak etorkizunean.

Etorkizunari begira eredu bien arteko diferentziak gutitu egingo direla argi ikusten da.

Estatu sozialistetan Konstituzioak betetzen duen funtzioa liberalen parekoa da gauregun: sistema politikoa irauneraztea eta beronen printzipioak bermatzea.

Esan ohi da analisia erabat sinplifikatuz noski Estatu eta Konstituzio liberalen jabe nagusia askatasuna dela eta sozialistena berdintasuna, haiek berdintasunari muzin egin diotelarik eta hauek berriz askatasuna ukatu.

Dena dela, bigarren mundu-gerraren ostean Estatu liberalek aldaketa nabarmena izan dute ezkerreko partiduen ekintzengatik: berdintasuna bultzatu da eskubide sozialak sortuz eta Konstituziora inkorporatuz.

Estatu sozialistak, aldiz, aldaketa-prozesu sakonean daude, liberalismoaren printzipio nagusiak onartze bidean: pluralismoa batetik eta sektore pribatuaren eskuhartze gero eta sakonagoa eta inportanteagoa ekonomian.

Prozesua eteten ez bada, bizpahiru urteren buruan Polonia eta Hungariak Konstituzio demoliberal berriak izango dituzte eta Sobiet Batasuna ildo horretatik abiatuko da, baina mantsoago.

Munduaren iparraldean, beraz, hain urrun zeuden ereduak hurbilduz joango dira eta hamar-hamabost urte barru Estatu-formak ez dira hain desberdinak izango.

Diferentziak maila konstituzional formalean baino errealitate sozio-ekonomikoarekin zerikusia duten elementuei dagokienean nabarmenduko da: Estatuaren eskuhartzea ekonomian, klase sozial desberdinak sistema batetan eta bestean, garapen ekonomiko guztiz diferentea...; guzti honek, noski dinamika politiko bereziak sortaraziko ditu eta konstituzio material deitu dugun horretan sistema bien arteko aldeak inportanteak izango dira oraindik.

Bereizketa nagusia, dena den, Ekialdea eta Mendebaldearen artean izan ordez, Iparralde eta Hegoaldearen artean izango da.

Egun, Hirugarren Munduko herrietako konstituzionalismoa guti ikertu da.

Lehen esan bezala, zentzu formal batetan bederen, eredu demoliberala edo komunista erabili dituzte testu konstituzionalak egiteko orduan.

Konstituzio materiala, dena den, oso bestelakoa izan da.

Hemendik aurrera, Mendebalde kapitalista eta Ekialde komunistaren arteko diferentzia politiko-konstituzionalak gutituz doazen neurrian eta bloke bien arteko tentsioa epeltzen, Iparralde eta Hegoaldearen arteko dialektika izango da nagusi, herri aberatsen eta pobreen artekoa alegia.

Hirugarren Munduko nazioetako errealitate sozio-ekonomiko bereziek sistema politiko-konstituzional propioak sortuko dituzte (sortuak dira dagoeneko baina oso guti estudiatu dira kapitalismoa / sozialismoa tentsioak ezkutatu egin dituelako), eredu demokratiko-liberalarekiko (ez dezagun ahantz berau Estatu aberatsetan, Lehen Munduan, dagoela indarrean) diferentziak zeharo nabarmenduko direlarik.